Aldundiaren logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaiko Tutoretza Erakundea

Laguntza Menua

Bizkaiko Tutoretza Erakundea - Instituto tutelar de Bizkaia

Praktika Gida

Urriaren 31ko 9/2000 Foru Aginduaren bidez sortu zen Bizkaiko Tutoretza Erakundea. Tutoretza Erakundeak hainbat funtzio ditu baina epai-agintaritzak ematen dizkion babesteko funtzioez gain, erakunde horrek badu beste betebehar nagusi bat ere, ezgaibetuen edo ezgaibezia prozesuan daudenen senideei edo lana dela eta, haiekin harremanetan daudenei, argibideak emateaz arduratu behar baita tutoretza erakundea eta argibideak emateaz gain, haien senideak eta profesionalak orientatu eta aholkatzeaz ere erakundea arduratu behar baita.

Beharrizan horiei erantzuteko gida txiki hau aurkeztu behar genuela pentsatu genuen. Ezgaibetuek epaitegiaren ezintasuna lortzeko haien senideek edo lana dela eta, haiekin harremana dutenek zer egin behar duten ahalik eta errazen adierazi nahi izan dugu gida honen bidez eta gainera hau bezalako gai zail batean sortu ohi diren galderei erantzun nahi izan diegu.

Horrela ba, Legeak Ezgaibetuei aintzatesten dizkien eskubide eta aukerak zehazteaz gain, gida honetan babesteko ardura duten pertsona, erakunde eta agintarien betebeharrak eta funtzioak ere agertzen dira.

Baina laguntza tresna izateaz gain, gidaren bidez gizartea sentsibilizatzea lortu nahi dugu horrela, gizartea konturatu dadin Ezgaibetuekin egiten den tutoretza lana haiek babesteko neurria baino ez dela.

Bilbon, 2002ko otsailean

José Félix Pascual Castro

Bizkaiko Tutoretza-Erakundearen Zuzendari-Kudeatzailea

EZGAITASUNA ETA BABESEKO INSTITUZIOAK

agure bat, agurea parkean eta agurea ume batekin
  1. Ezgaitasuna

    Ezgaitasuna definitzeko eta ulertzeko kontzeptu bi bereiztu behar dira.

    Gaitasun juridikoa, pertsonaren eratxikipen bereizezina den aldetik, hau da, eskubide eta betebeharrak izateko gaitasuna. Pertsona izate hutsagatik jasotzen da.

    Jarduteko gaitasuna, berriz, eskubideak gauzatzeko eta betebeharrak bere gain hartzeko pertsonak duen gaitasuna da, hau da, eskubide bat berez baliarazteko gai izatea eta betebeharrak betetzeko inoren laguntza edo ordezkaritzarik behar ez izatea. Egintza juridiko baliogarriak egiteko gaitasuna da hau.

    Zenbait kasutan, pertsona batzuk babesteko neurriak artikulatu beharra dago, euren inguruabarrengatik inoren mendean daudelako, babesik edo itzalperik ez dutelako. Ildo horretan, gure antolamendu juridikoak babes gisa darabil ezgaitasunaren instituzioa. Pertsonaren gaitasuna definitzeko, birgaitzeko eta bizitza juridikoan parte hartzeko bide emateko da, beraren autonomia sustatzeko, eta gizartean erabat txertatzen laguntzeko eta berdintasuna lortzeko.

    Ezgaitasuna ez da babeserako tresna bakarrik, gaitasuna integratzekoa ere bada. Izan ere, ezgaitasunean daudenek ezin dituzte zenbait egintza modu eraginkorrean burutu, haiek zaintzeko ardura dutenen laguntza edo ordezkaritza gabe.

    Babes neurri hau beharrezkoa da, eritasun edo akats iraunkorrek (fisikoak zein psikikoak) pertsona bati bere burua gobernatzea galarazten diotenean. Benetako egoera bat legeen bidez jasotzea da kontua, babesa emateko. Egoera hori jarduteko gaitasun eza da.

    Inor ezgaitzeko modu bakarra epailearen epaia da, eta betiere legeetan ezarritako zioengatik. Norbait gai ez dela adierazteko, prozedura judiziala derrigorrezkoa da; prozeduraren bukaeran epaia eman behar da.

    Legean ezartzen denez, ustezko ezgaiaren senideei dagokie ezgaitasun adierazpena sustatzea. Baina, seniderik ez dagoeneko edo senideek adierazpen hori eskatzen ez duteneko egoerak ere arautu egin dira.

    Horregatik bestelako mekanismo batzuk jarri dira, ustezko ezgaiaren mesedetan: edozein pertsonak du ahalmena Fiskaltzari jakinarazteko ezgaitasuna dakarten egitateak (Fiskaltzari jakinarazpena egin behar zaio, egitateak idatziz). Ustezko ezgaiaren egoitzari dagokion epaitegiko fiskaltzari egin behar zaio jakinarazpen hori.

    Prozedura horrela hasirik, eta tramite judizial egokiak egin arte, epaileak epaia emango du. Bidezkoa bada, pertsonaren ezgaitasuna adieraziko du, eta ezgaitasun hori noraino heltzen den adieraziko du. Pertsona ezgai horren tutoretza edo zaintzarako araubidea ere adieraziko du. Guztia, betiere, ezgaiaren mesedetan egin behar da, bere eskubide eta bermeak defendatuz.

    Pertsona ezgaitzeak ez dakar atzera ezineko egoera bat; aitzitik, prozedura berrikusi egingo da inguruabar berriak sortzen badira. Orduan, prozesu berri bat hasiko da, ezarritako ezgaitzearen ezaugarriak aldatzeko edo indarrik gabe uzteko.

  2. Babeseko instituzioak

    Jarduteko gaitasunaren mugen aurrean, zuzenbideak instituzio hauek izendatu ditu ezgai den pertsona edota bere ondasuna zaintzeko eta babesteko.

    • Tutoretza.
    • Kuradoretza.
    • Judizioko defentsaria.

    Tutoretzako funtzioak betebeharra dira, tutoretuaren mesedetan egiten dira beti eta agintaritza judizialak zainduta daude beti. Agintaritza hori da tutoretza sistemako zaintza eta kontrolaren ardatza.

    Tutoretza

    Tutoretza legeak artikulatutako instituzioa da, jarduteko gaitasuna osatzeko; legezko ordezkari baten bidez, pertsona ezgaituak bere gaitasun eza osa dezake. Tutoreak tutoretutako pertsona eta ondasunak zainduz gauzatzen du tutoretza funtzioa.

    Tutoretzaren edukia

    Ezgaituaren babes pertsonala. Hau da, ezgaitua jagon behar du, elikagaiak, heziketa eta trebakuntza osoa eman behar dizkio. Bere gaitasuna eskuratzen edo berreskuratzen eta gizarteratzen lagundu behar dio.

    Ezgaituaren legezko ordezkaritza, salbu eta berez egin ditzaketen egintzetan, legezko xedapenez edo ezgaitasun epaiak zehazten duenarengatik.

    Beraren ondarea administratzea, familiako aita onaren arretaz eta betiere tutoretuaren mesedetan eta bere interesen alde. Tutoreak ondarea administra eta erabil dezake, horretarako epailearen aldez aurretiko baimena beharrezkoa ez bada.

    Kuradoretza

    Kuradoretza gaitasun murriztuko pertsonak babesteko instituzioa da, ezgaitasun partzialeko adierazpena dagoenean. Epaileak kuradore bat izendatuko du kuradoretzan dagoen pertsonaren gaitasuna osatzeko, egoki deritzen egintzetan lagunduz.

    Ezgaitasuna adierazteko epaian ezarri ohi dira kuradoreak zein egintzatan lagundu behar duen. Epaian ezarri ezean, tutoreak epailearen baimena behar duen egintzetan lagunduko du. Ondarea da jarduteko eremu nagusia, baina ez bakarra.

    Tutoretzan legez, kuradoretzan funtsezko printzipio hau dago: ezgaituaren mesedetan jardutea beti, ekonomikoki eta pertsonalki.

    Judizioko defentsaria

    Judizioko defentsaria itzalpeko eta ordezkaritzako figura da. Izendapen hori unean unekoa da eta aldi baterako egiten da beti.

    Judizioko defentsaria epaileak izendatzen du, balizko kasu batzuetarako:

    • Gairen batean ezgaituak eta bere tutore edo kuradoreak aurkako interesak dituztenean.
    • Edozein ziorengatik tutoreak edo kuradoreak ez dituenean bere funtzioak betetzen.
    • Legean aurreikusitako gainerako kasuetan: ustezko ezgaia ezgaitze prozeduran ordezkatzeko; tutoretza edo kuradoretzarako enkaitzea eta zuritzea, etab
    Tutoretzan eta kuradoretzan bezala, judizioko defentsariaren jardunean ezgaituari ahalik eta mesederik handien egiteko printzipioa gailendu behar da.

    Pertsona juridikoek tutoretza funtzioak egitea

    Kode Zibila familiako zuzenbideko gaietan 1983. urtean eraldatu zenetik, tutoretzako izendapenak, pertsona fisikoek ez ezik, erakundeek ere egin ditzakete, publikoak zein pribatuak.

    Horregatik, administrazio publikoek menpeko pertsonen babes juridikorako mekanismoak sortu dituzte. Autonomia erkidego batzuetan erakunde bereziak sortu dira judizialki ezgaitutako pertsonen tutore eta kuradore izateko. Esaterako, Madrilgo Erkidegoan Agencia Madrileña para la Tutela de Adultos dago.

    Tutoretzako Elkarte eta Fundazio ugari sortu dira esparru pribatuan ere ordutik hona. Gizarteko sektore ugariri laguntzeko egiten dute lan: adimen urripena edo gaigabezia psikikoa duten pertsonak, adimeneko eritasuna duten pertsonak, adineko pertsonak, eta abar.

    Halere, tutoretzako erakundeek, pribatuek nahiz publikoek, helburu bakarra dute: tutoretzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, haien duintasuna sustatzea, haien eskubide eta interesak defendatzea, eta gizarteratzen laguntzea.

agurea familiarekin,agurea margotzen eta agure bikotea

GAIGABEZIA PROZEDURAREN ESKEMA:

Hasierako fasea:

  1. Ahalmena: gaigabeziak ezagutzeko ahalmenak dituen Epaitegia gaigabeziaduna den ustezko pertsona horrek egoitza duen Lehen Auzibidezkoa da.
  2. Prozedura eskaera baten bidez hasiko da; eskaera hori gaigabezia duen pertsonaren ezkontideak edo horren ondorengokoek hasi behar dute, edo, horiek ez badira, horren aurrekoek edo neba-arrebek.
  3. Fiskaltzak esku hartzea: prozedura hauetan beharrezkoa da esku hartze hori, hala sustatzaile edo aktore moduan baldin eta betebehar hori duen ahaiderik ez badago, nola, gainerako kasuetan, adingutxikoaren babesle moduan.
  4. Abokatua eta prokuradorea: Manuzkoa da legelariaren eta prokuradorearen esku hartzea gaigabeziaren prozeduran, eta esku hartze hori ahaide sustatzaileari edo ustezko ezgaituari lagunduz gauzatuko da edo, gaigabezia sustatzen duena Fiskaltza denean, epaitegiko babesle moduan.

    Baldin eta familiakoek ez badute baliabide ekonomiko nahikorik, jakinarazi egin behar zaie prozedura hori ofiziozko abokatuek egin dezaketela eta hori guztia berez pertsona ezgaituaren familiako kideentzat nahiko garestia eta astuna den egoera arintzeko dela.

  5. Tramitazioa: Gaigabetuaren izaera lortzeko prozeduran gutxieneko zenbatekoa duten adierazteko epaiketako arauak beteko dira.

Frogaldia

Nahitaezko frogak: Derrigorrez egin behar diren froga batzuk daude:

  1. Ustezko gaigabetuaren azterketa.
  2. Hurbileko ahaideei entzutea.
  3. Gaitasuna duen teknikari baten txostena: auzitegiko medikua.

Halaber, ofizioz, Epaileak bere ustez beharrezkoak izan daitezkeenak agindu ditzake.

Gauza bera gertatzen da 2000ko Enjudiziamendu Zibilari buruzko Legean eta, gauza berri bezala, ezarri du ez dela inoiz irizpenik emango aurrez medikuaren peritu-txostena eduki gabe.

Aholkugarriak direnbeste froga batzuk:

  1. Eskaerarekin batera Epaileari ezgaitu horri buruzko informazioa emateko gainerako dokumentu guztiak aurkez diezazkioke: psikiatra, psikologo eta ospitaleetako txostenak, minusbaliotasun-aitorpenak, pentsioak, interno izan diren edo une horretan diren egoitzetako zuzendaritzen txostenak, etab
  2. Lekukoak: Aurkeztu diren txosten horiek berretsi ez ezik, gaigabetu horrekin duten harremanagatik horren egoera eta baldintzei buruzko informazioa eman dezaketenak.

Epaia

Gaigabezia horren hedakuntza eta mugak ezarri behar ditu, eta gaigabetu horri esleituko zaion tutela edo babesa. Baldin eta gaigabetua adingutxikoa bada, patria potestad deritzona gaitu behar da berriz eta, adinez nagusia bada, tutela edo kautela araubidea aplikatuko zaio.

2000ko Enjudiziamendu Zibilari buruzko Legeak, aldi berean, epai horretan ezgaitua lagunduko duten pertsonen (zaintzaileen) edo eskuordetuko dutenen (tutoreen) izenak emango dira baldin eta eskaeran horrela egiteko eskatu bada.

Ulertuta